XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina definitu behar dut zehaztasunez zer ulertzen dudan naturak zerbait irakasten didala diodanean, horrela esandako honetan egon ez dadin ezer bereiziki bururatzen ez dudana. Izan ere, hemen natura ez dut ulertzen Jainkoak eman dizkidan gauza guztien multzoa bezala, hori baino adiera estuagoan ulertzen dut eta.

Multzo horrek adimenari bakarrik dagozkion gauza asko biltzen baititu eta ez dut horietaz hitzik egingo naturaz dihardudan artean (adibidez, pentsatzen dudanean zerbait egina izan bada noizbait, ezinezkoa zaiola gauza horri egina ez izatea, eta era honetako beste hamaika gauza, naturaren argiaren bidez ezagutzen ditudanak) eta biltzen ditu, halaber, beste zenbait gauza gorputzari bakarrik dagozkionak, eta horiek ere ez dira nire mintzagaia orain (adibidez, pisua eta antzerakoak).

Orain hitz egiten ari naiz Jainkoak eman dizkidan gauzez gorputzaz eta arimaz osatuta nagoen neurrian. Natura honetatik ikasten dut minezko sentimendua sorrarazten didaten gauzei ihes egin behar diedala eta plazerrezko sentimendua sorrarazten didatenak bilatu behar ditudala.

Baina natura horrek, nire ustez, ez dit irakasten nire sentimenen hautemaketetatik atera dezakedanik ondoriorik guregandik kanpoko gauzei buruz, aldez aurretik hauek adimenarekin ondo aztertu gabe. Niri iruditzen zait kanpoko gauza hauen egia ezagutzea adimenari dagokiola eta ez arimaren eta gorputzaren arteko konposatuari.

Hortara, izar batek nire begietan egiten duen inpresioa ez da zuzi txiki baten suarena baino handiagoa, baina, hala ere, ez dago niregan benetako joera naturalik bultzatuko nauena sinestera izar hori zuziaren neurri berekoa dela.